domingo, 18 de marzo de 2012

HAURRAK AFEKTIBITATE ETA SEXU ANIZTASUNEAN HEZTEN


Pertsona bakoitzak, sentitzeko, adierazteko eta bizitzeko modu propioa eta berezia du. Pertsona bakoitza bakarra eta berezia da eta beraz, bakoitza sexualitate bat dela diogu.
Erotika adierazteko moduak anitzak dira eta bakoitzak bere bizipen propioak ditu bere sexuazio prozesuan. Horrek sexualitate bakoitza berezi eta bakar egiten du.
Haur bakoitzari, aukera guztietan bizitzeko eta hezteko eskubidea izatea bermatu behar zaio.

HAURTZAROTIK AUKERAK MUGATU GABE
Sexu aniztasuna lantzen denean, sarri modu puntualean egiten da eta gainera, haurrak nahiko koskortuta daudenean. Eta zer zentzu du nerabezaroan sexu aniztasunaz hitz egiteak ordu arte jaso duen guztia marko heterosexual batean kokatua izan bada?
Jasotzen den eredu sexuala, koitora eta ugalketara mugatzeaz gain, sexualitate genitalizatua da. Eskolan, sexu hezkuntza egiten denean gehien lantzen diren irudiak zakilak eta aluak dira eta harreman sexualei buruz hitz egitean koitoari buruz hitz egiten da. Ikuspegi horrek, pertsonen aukerak mugatzen ditu eta ez du batere laguntzen beren garapenean, adituen ustez. Horrez gain, materiala, ipuinak, marrazkiak eta hizkuntza bera ere, heterosexistak dira. Beraz, haurrak igurikapen heterosexualean hezten ari gara.
Bestalde, kontuan hartu beharko lirateke ikasgeletan gero eta anitzagoak diren familia ereduak: guraso bakarrekoak, aiton-amonek zaintzen dituzten haurrak, banandutakoak, berregituratuak… eta horien artean, familia homoparentalak. Ikasgelan ez bada txikitatik sexu eta afektibitate aniztasuna lantzen, zaila egingo zaie beren familia ulertzea.
Sexu hezkuntzaren helburua, emakumezkoak eta gizonezkoak zoriontsuak izateko beren gorputzak ezagutzen, onartzen, beraien sexualitatea bizitzen eta erotika propioa adierazten ikastea da. Eta horretarako, beharrezkoa da sexu aniztasunean heztea, lehen eta bigarren mailako sexualitaterik ez dagoela erakutsiz. Curriculumeko gai guztietan islatu beharko litzateke aniztasuna.Eta era berean, zuzenean landu daitezke desira orientazioa, homosexualitatea eta homofobia, baina betiere aurretik marko orokorragoan landu badira. Sexu hezkuntza aniztasunaren eta generoaren ikuspegitik eskola garai guztietan egin behar da, beti dago zer egina eta zer esana.

Haurraren sexu garapena aniztasunean
Luzaroan, haurrek sexualitaterik ez dutela pentsatu izan da, baina egun badakigu badutela, eta onarpen horrek, balioa ematen dio sexualitate horri. Gure sexuazio prozesua jaiotzatik heriotzaraino jarraia, dinamikoa eta aberastasunez beterikoa da eta prozesuaren lehen garaiak ezagutzeak prozesu osoa hobeto ulertzen lagunduko digu. Haurdunaldian, nola sexuatuko garen baldintzatzen hasten da: kromosomak, gonadak, hormonak, barne eta kanpoko genitalen garapena, nerbio sistema zentrala… Eta medikuak gurasoei haurraren sexua esaten dien unetik, haien igurikapenak martxan jartzen dira. Behin haurra jaio eta ikusi ostean, sexua esleitzen zaio. Familiak modu desberdinean ikusiko du haurra, neska edo mutila izan. Sozializazio desberdinduaren hastapenak dira, eta hori haurraren jokabideetan islatuko da. Eta horrez gain, heterosexualitate igurikapena ere jada martxan da, hau da, haurra heterosexuala dela pentsatzen da.

Ez epaitu helduen begiradarekin haurrek egiten dutena
Haurrak ez du hainbeste desberdintzen sexuala eta ez-sexuala, ez daudelako sentsazio erotiko zurrunak, geroago egongo diren moduan. Gainera, beraientzat gorputzeko zonalde erotikoenak ez dira genitalak. Haur sexualitatea urrun dago sexualitatearen ikuspegi genitalizatutik eta ugalketarako sexualitatearen ikuspuntutik. Helduek baino gutxiago desberdintzen dituzte desira erotikoak desira afektiboetatik. Beraientzat dimentsio sexuala, afektiboa eta soziala oso lotuak daude. Bestalde, helduontzat jokaera erotikoak esanahi asko dituzte, konnotazio ugari: desira, ekarpena, konpromisoa, maitasuna, plazera, pasioa… Haurrentzat esanahi horiek guztiak urrun gelditzen dira. Eta helduok, sarri, haurren jokaerak aztertzean guk sexualitatea ulertzen dugun ikuskeratik egiten dugu, eta une horretan jada erantzun bat ematen ari gara haurraren sexu hezkuntzari.
Lotura afektiboen garrantzia
Haurra atseginak eta desatseginak gidatzen du. Beraz, haurrak plazera eta lotura afektiboak izateko behar handia sentitzen du. Gizarte estimuluek erakartzen dute haurra: ukimena, giza aurpegia, ahotsa… Lotura afektiboak bizitzan zehar sexualitatearen bitartekari izango dira, baina are gehiago haurtzaroan. Sexu heziketa, atxikimendu harremana duten pertsonekin hasten da. Eta garrantzitsua da haurrak, neska eta mutil bakoitzak, bere burua ezagutzen eta onartzen ikastea, eta gai izatea bere erotika modu zoriontsuan adierazten ikasteko. Gertuko pertsonekin ikasten da modu intimoan komunikatzen: laztanak, hitz goxoak, azalaren kontaktua, eskua ematea, musuak, besarkadak… Haurrak pertsona horiekin segurtasun eta babes sentimendu positiboak biziko ditu, eta hor ikasten du haurrak maitatua izateko eskubidea duela. Sexualitate hori, bisexuala, homosexuala edo heterosexuala izango da.
Jaio eta urte t´erdira aldaketa handiak gertatzen dira haurraren bizitzan. Gaitasun motoreak (ibili, bakarrik jan, jantzi..) eta linguistikoak eskuratzen ditu eta ondorioz autonomia maila areagotzen du. Jada gizarte arauak hautematen doa eta oso desberdina da arau horiek arrazoituz ikastea edo ez. Garai honetan jeloskortasunak gainditu beharko ditu, gertuko pertsonen begiko bakarra ez dela konturatuko delako. Garrantzi handia izango du atxikimendu harremana pertsona bat baino gehiagorekin izanak.

Haurraren sexu kuriositatea
Haur guztiek dute sexu kuriositatea eta horrek ikaskuntza prozesua indartzen du. Sexualitatearen inguruan hitz egin behar dugu eta kontziente izan behar dugu haurrarentzat hitza esanahiez betetzen hasiko dela. Eta zein esanahi jasoko du guk zakilei, baginei eta koitoari buruz soilik hitz egiten badiogu? Afektibitatearen eta sexualitateen inguruan hitz egin beharko diogu informazio egokia emanez. Gainera, haurren kuriositateari erantzutea ez da soilik galdera horri erantzutea. Izan ere, badakigu sarri ez dela nahi denaz galdetzen.
Bestalde, homosexualitatea, heterosexualitatearekin batera gure diskurtsoetan agertzen ez bada, heterosexualitate presuntzioan hezten ari gara. Eta gero, zertarako balio du bat-batean nerabezaroan sexu orientazio aniztasunaz hitz egiteak, txikitatik eredu heterosexualean soilik hezi baldin badugu? Sexualitateez eta sexu aniztasunean hezi behar da haurra, etorkizunean bere beharrak modu naturalean bizitzeko, homosexualitatea modu naturalean onartzeko eta bere beharrak modu zoriontsuan asetzeko.
Imitazio eta identifikazio ereduak
Haurrak jasotzen duen informazioaz gain, eragin handia du ingurukoek sexualitatea nola bizi duten. Naturaltasuna eta gardentasuna dira gakoak, baina horrek ez du esan nahi modu perfektuan egin behar dugunik. Pertsonak gara eta dudak, lotsak eta beldurrak izan ohi ditugu, perfektuak izan behar dugula erakutsi diguten arren. Eta horregatik, garrantzitsua da haurrek hori ikustea, beraiek ere dudak dituztenean, lasai adierazten saiatzeko.
Haurrak bere ingurunean aukeraz betetako eredu anitzak baditu, zailagoa izango da bera etorkizunean baztertua sentitzea.

Gorputza ezagutzen eta ukitzen
Haurrak, nola ez, bere eta besteen gorputza ukitzeko kuriositatea du, eta genitalak ukitzekoa ere bai. Esfinterraren kontrola dela-eta, ordura arte eskura gelditzen ez zitzaion gorputzeko atal bat bistan izango du, eta gorputzeko beste atalak bezala, hau ere ikertuko du, atsegina sortuko diolarik. Ukipen horiek hasieran ikerketa badute ere helburu, segituan plazera ere xede bihurtzen da. Garai bakoitzean modu desberdinean biziko dugu plazera. Helduen plazera esanahiz betea dago eta haurrena oraindik ez. Gainera, ez da hain plazer genitalizatua, irekiagoa da.
Masturbazio horren aurrean, helduek izango dituzten jarrerak erabakiorrak dira haurra eraikitzen ari den sexualitate horretan. Horretarako, garrantzitsua da hezitzaile batek zer helburu dituen pentsatzea, intimitatea lantzea, berean uztea... eta horren arabera jokatzea. Ondorio desberdinak izango ditu egiten denaren arabera. Gerora, haurra bere gelan masturbatzen bada, desberdina izango da intimitatea bilatzeko egitea edota inork ez “harrapatzeko”. Eta hor dago gakoa. Haurrak ezin dela masturbatu uste badu, errudun sentituko da. Eta zoriontsu izan al daiteke errudun sentsazioarekin?
Biren arteko jolasei dagokienez, garrantzitsuena zergatik sortzen diren eta zer esan nahi duten ulertzea da. Eta hezitzaileek horien artean hartzen duen jarrera, masturbazioaren aurrean bezala, oso erabakiorra da. Haurrarentzat agian ez da garrantzitsua neska edo mutil batekin jolastea. Baina heldu batentzat desberdina izango da. Ondorioz, erreakzioak ere desberdinak izango dira. Eta une horretan, haurrak erreakzio hori ikasiko du.
Aukerarik ez mugatu
Haurraren sexuazio prozesua aurrera doa eta helduen igurikapenak prozesu horretan islatzen dira, eta poliki-poliki identitate sexual bat eraikitzen doa. Urte t´erditik aurrera, jada neskatoek eta mutikoek desberdin jokatzen dute eta 2 urterako jada, nahiz eta argi esateko gai ez diren, neska edo mutil sentitzen dira. Baina sentimendu hori ez dute beraien hormonek, gonadek edota genitalek sortzen, euren itxurak (arropak, ilea…) eta sozializazio prozesu motz horretan ikasi dutenak baizik. 6 urte dituztenerako jada gehienak sentitzen dira neskak edo mutilak. Prozesu honetan garrantzitsua da haurrei erakustea ez dagoela neska eta mutilentzako jolas, arropa ezta lanbide zehatzik. Haur bati, bere generoarenak kontsideratzen ez ditugun jolas eta jostailuak gustatzen zaizkionean, helduen beldurrez zipriztindutako gatazka eta anabasa datoz. Batzuengan, gainera, euren haurra femeninoagoa edo maskulinoagoa izateko “beldurrak” sortzen dira. Eta beldur horiek gauzak normalizatuta ez daudela ikusteko adibide sinpleak dira.
Hezitzaileok lan asko egin behar dugu identitate sexuala, desira orientazioa eta generoa ez nahasten. Eta batez ere, haurrei beren aukerak ez mugatzen.
Jada 6 urterako arauak onartzen eta jeloskortasunak gainditzen hasiak dira, eta berdinen arteko taldeak garrantzi dezente du. Sozializazio agenteek garrantzia eta eragin handia dute. Jokabideekiko kontrol sexuatu bat dago, neskak eta mutilak desberdin tratatzen direlarik. Eta eskola, ez da salbuespena.
Eskolan, bere orokortasunean, heterosexualitatean hezten da. Materialak, egiturak, antolamendua, hezitzaileen hizkuntza eta formazio faltak sexu aniztasuna behar den bezala ez lantzea dakar. Hortik arazoak familia eredu anitzak ulertzeko eta homosexualitatea naturaltasunez bizitzeko. Horrez gain, neskentzako eta mutilentzako rol desberdinak bideratzen dira, gaitasun desberdinak jorratzen dira eta igurikapen desberdinak daude.
Garai honetan oso ohikoa da haurrei ea neska-lagunik edo mutil-lagunik baduten galdetzea, betiere norabide bakarrean. Eta batez ere, oso esanguratsuak izaten dira galdera horren ondoren egiten diren aipuak.Garai honetan masturbazioaren plazeraz jabe daitezke edo manten dezakete, eta helduen morala bereganatzen hasten dira, arau unibertsal gisa ulertuz. Horregatik, oso garrantzitsua da haurrak beste kulturak eta pentsatzeko modu desberdinak ezagutzea, “unibertsalak” edota finkoak diren gauza gutxi daudela erakusteko. Sexualitatearen inguruan hitz egiten dugunean ere garrantzitsua da sexu orientazio anitzez hitz egitea. Esaten ez duguna ikusezina bihurtzen baitugu. Sexualitatea eta erotika ulertzeko modu desberdinak daude eta hezitzaileek horri buruzko ikuspegi positiboa ematea garrantzitsua da.

Latentzia etapa delakoa
6-12 urteko etapari sarri latentzia etapa deitzen bazaio ere, garai honetan haurraren sexuazio prozesua martxan dago eta bere sexu kuriositatea ere bai. Izan ere, garai honetan entzuten eta ikusten duen guztiak eragin zuzena du. Beraz, adin hau ez da inondik inora pasiboa eta poliki-poliki esanahi asko doaz eraikitzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario