Hezkidetza, detaile sutilen indarra
Hezkidetza
ez da puri-puriko gaia eskoletan, nahiz egunero senarrak akabatutako
emakume bat agertu telebistan. Kontzientziaz, eskubide berdinak onartzen
dizkiegu emakumeei eta gizonei. Horregatik, gero eta zailagoa zaigu
gure eguneroko bizitzan dagoen androzentrismoa ikustea, gure izaeran
barneratua duguna. "Normaltasuna" da arazoa. Erabat "normala" iruditzen
zaigun zerbait zalantzan jartzen hastea bera zaila da. Horretarako,
zentzu analitikoa behar da, eta distantzia hartu. Detaile sutiletan
erreparatzea omen da gakoa. Zeure burua da zalantzan jartzen duzuna,
ordea, eta prozesu horiek beldurra sortzen dute.
Neska-mutilak elkartzea ez da hezkidetza
Eskola mistoa 60ko hamarkadan sortu zen Hego Euskal Herrian. Neskek eta
mutilek bereizita ikasten zuten ordura arte. Eskola mistoa
sortzerakoan, ordea, ez zuten planteatu ere egin zer ekar zezakeen
neskak eta mutilak espazio fisiko berean elkartzeak, hain justu gizartea
sexista denean, eta gizontasuna emakumetasunaren gainetik dagoenean
eguneroko bizitzan. Honela dio Maria Jose Urruzola hezkidetza
aholkulariak "La educación de las niñas desde el feminismo de la
diferencia" artikuluan: "Ez zen gizonezko generoaren eta emakumezko
generoaren kritikarik egin. Ez zen nesken aldeko diskriminazio
politikarik aurreikusi. Ez zen argitu pertsona bezala zer balioetan
heziko ziren. Ez zen aztertu irakasgaietan transmititzen zen
androzentrismoa; esaterako, historian, filosofian, zientziatan... Eta ez
zen kontuan hartu emakumeei egozten zaizkien rolei balio gutxiago
ematen zaiela gizartean, gizonen rolei baino".Eskolak lan munduan
integratzeko prestatzen ditu ikasleak, alegia, alor publikorako,
gizonezkoen mundua izan den alor horretarako. Emakumeen generoari
lotutako gaitasunak bigarren mailan geratu dira. Ana Agirre Emakundeko
prestakuntza arduradunak azaltzen duenez: "eskolak bizitzarako baliagarri diren balio guztiak integratu behar lituzke, bai emakumezko bai gizonezko generoari atxikitakoak.
Eta denei eskaini behar zaizkie, neskei eta mutilei. Hori litzateke
benetan aukera berdintasunerako heziketa eskaintzea".Hezkidetza zehar
lerro bihurtu zen 90ko hamarkadan eta, berez, lorpen handia zena
(ikasgai guztiak genero ikuspegitik birplanteatzea eskatzen baitzuen),
praktikan "inoren ardura ez izatea" bihurtu da. Denek onartzen duten
kontsigna bat gehiago da hezkidetza, baina praktikan inork heltzen ez
diona.
ARTIKULU OSOA IRAKURTZEKO ikus HIK HASI aldizkaria
No hay comentarios:
Publicar un comentario