martes, 20 de marzo de 2012

Nola landu sexu aniztasuna eskolan?


ESKOLARAKO PROPOSAMENAK

Pablo Cantero: “Ikasle gay, lesbiana eta transexualen beharrei erantzuten jakin behar dugu”
Gehituk Haurtzaroan afektibitate eta sexu aniztasunean heztea izeneko jardunaldiak antolatu ditu eta bertan parte hartu du Pablo Cantero Extremadurako Fundación Trianguloko kideak. Ikasgelan gai hori lantzeko baliabideak erabiltzeko deia luzatzen du.

Nola landu beharko litzateke sexu aniztasuna eskolan?
Abiapuntua, hizkuntzaren eraldaketa izan beharko litzateke. Ikerketek diote, hizkuntza homofoboa oso bortitza izan daitekeela haur gay eta lesbianentzat, edota guraso homosexualak dituen haurrarentzat. Oso ohituak gaude egunerokotasunean hizkuntza hau erabiltzera: maritxu, marimutil, marikoi… Gehienetan iraina da helburu. Batek, homosexuala izan aurretik ere, badaki iraindua izan daitekeela. Ez badugu hezkuntza espazioetan erabiltzen dugun lengoaia aldatzen, konplexua izango da beste ekintza batzuk eta materialak sartzea ikasgelan. Hizkuntzak, neskatila batek edo mutiko batek munduaren ikuspegia eraikitzen dagoen horretan, mundu ikuskera egituratzen lagunduko dio.
Bestalde, esaten ez dena, ez da existitzen! Ez badugu sexu aniztasunari buruz hitz egiten, ikusezina bihurtzen dugu. Ezin dugu gure diskurtsoetatik errealitatea ezkutatu.

Ba ahal dugu nahiko tresna, baliabide eta formazio eskura?
Sarri pentsatzen dugu tresna gutxi daudela sexu aniztasuna lantzeko, baina badaude: liburuak, karta-jokoak, jolasak, ipuinak, filmak, bideoklipak… Haur literaturan hainbat modutara landu daiteke gaia; sexu bereko bikote baten harremana izan daiteke ipuinaren haria, edo hori bigarren mailako datua izan daiteke soilik, eta ikaskuntza hori ere oso positiboa da. Betiko liburuak erabil ditzakegu, guk geuk malgutasunez moldatuz.
Bestalde, jolas eta jostailuei dagokienez, marko heterosexual bakar eta sexista horretatik atera eta neska-mutilei nahi duten jolasekin ibiltzen lagundu behar diegu. Mutikoak panpinekin jolastu nahi badu ezin diogu aukera hori mugatu, alderantziz, jolasa etxeko lanak eta ardura banaketak lantzeko erabil dezakegu. Guk ez badiogu horretarako aukerarik ematen eta ez badiogu bide horretan laguntzen, gero zaila izango da heldua denean hori barneratzea.

Haurtzaroan eraikitzen diren harremanak lantzeko moduak ere garrantzia handia du.
Atxikimendua daukagun pertsonekiko harremanak oso garrantzitsuak dira, ondoren jendearekin erlazionatzeko modua eraiki ahal izateko. Era berean, haurrek beste haurrekin eraikitzen dituzten harremanak oso garrantzitsuak dira jolas sozialak lantzeko. Hezitzaileok ez dugu beldurrik izan behar haurrak maitasun jolasekin badabiltza, eta inolaz ere ez ditugu gutxietsiko haurrak une horietan sentitzen dituzten sentimenduak. Haurra maitemintzen bada, sentimendu hori sentitzen, ezagutzen eta onartzen ikasiko du eta horri garrantzia eman behar diogu, balioa kendu gabe. Eta noski, ez dugu guk orientatuko alde batera edo bestera. Bere bat-batekotasuna izango da bilaketa eta ikerketa gidatuko dituena.

Aniztasunean sexu eta afektibitate hezkuntza: zehar lerro ala eduki gisa?
Azken finean, sarritan hezitzaileak edukiak lantzen ditu batez ere eta hain oinarrizkoak diren gaiak alde batera uzten ditu. Haur Hezkuntzan, adibidez, hezitzailearentzat errazagoa da jarrerak lantzea egiturak berak malgutasun gehiago daukalako, baina goragoko etapetan zailagoa da. Gainera, zehar lerroak askotan hezitzaileen borondatearen esku gelditzen dira. Hortan datza “Herritartasunerako Hezkuntza” delako ikasgaiaren garrantzia. Ikasgai horretan lortu dugu sexu aniztasunaren gaia lantzea, nahiz eta eliza katolikoa atal horiek kentzeko prest agertu den. Ikasgai honek aukera ematen du gai hauek curriculum barruan jorratzeko: desberdintasunaren balioa, homofobiaren lanketa, familia homoparentalak eta sexu eta afektibitate aniztasuna. Ez dut uste hori irtenbidea denik, aproposena ikasgelatik bertatik egitea izango litzateke, edozein gaitan. Baina hori konplexuagoa denez, aukera ona da.
Ikasgelak aniztasun gelak izan behar dira eta ikasle anitz bakoitzari daukagun onena eskaini behar diogu. Eta ikasle gay, lesbiana edo transexualen beharrei erantzuten jakin behar dugu.

Ze paper betetzen dute komunikabideek?
Komunikabideek, sarri, gustatzen ez zaizkigun ereduak erabiltzen dituzte, estereotipoetara jotzen dutenak. Baina gu geu balia gaitezke telebistak eskaintzen dizkigun irudiez, eta ikasgelan horiek profitatu.
Adibidez, duela gutxi arte telebistan familia tradizionalaren irudia soilik agertzen zen, baina gaur egun telesailetan familia eredu berriak ere ari dira sartzen: berregituratutako familiak, guraso bakarreko familiak...
Gaur egun, komunikabideetako eredu homosexual positiboenak aukeratu eta ikasgelan horien inguruan hitz egin, gaia landu eta diskurtsoak berreraiki ditzakegu. Noski, arazo gehiago izango ditugu lesbiana erreferenteak aurkitzeko, gay erreferenteak baino. Lesbiana izateak, emakume izatea dakar, beraz, diskriminazioa bikoitza da eta are ikusezinagoak bihurtzen dira jendartean.

Sexu aniztasuna lantzeko materiala

Haur literatura:
- Ene amak. SOODEN, Vanessa (euskaratzailea Belene Salazar Larrañaga), Mairi argitaletxea, Sopela.
- Aitorrek bi ama ditu. MENDIETA, Mari Jose eta ZABALETA, Jon (ir.), Erein, Donostia, 2004.
- Ane eta ahatetxoak. R. LORENZO, Manuel eta ERLICH, Bernardo (ir.), Afortiori, Bilbo, 2005.
- Elkarren gustokoak gara. JuanolO, Tandem Edicions, 2006 (euskaratzailea Kattalingorri).- Marrazteko gaiak. EIROA, Mauro eta DOMÍNGUEZ, Angel (ir.), Afortiori, Bilbo, 2005.
- Pirritx eta Porrotx: Gorka kopontzailea. MURUA, Mitxel eta TOKERO, Julen (ir.), Elkarlanean, Donostia, 2005.
- Iris eta Lila. MUJIKA FLORES, Ana, Aldarte: Gay, lesbiana eta transexualei arreta zentroa,Berdindu: Lesbiana, gay eta transexualen arretarako euskal zerbitzu, Bilbo, 2005.
- Txiukue. OLAIZOLA, Alaitz eta ZABALETA, Jon (ir.), Erein, 2005.
 Ikas-liburua:
- Kilimak. Sexuen Hezkuntza lantzeko ikas-liburua. 8-10 urte. SANCHO, Nerea eta LANDA, Ivan (ir.), Erein, 2006.
Jolasak:
¿QUIEN VIVE AQUI?, Ekilikua, Nafarroa. Aniztasuna lantzen duen mahai jolasa. Fitxak euskaraz ditu.
Karta-jokoak:
- Pirritx eta Porrotx: familien karta jolasa. Gehitu, Agipase, Beroa, Ume alaia Elkar eta Katxiporreta
- 7 famili eredu. Aldarte eta Berdindu.
Berdindu eta Aldarte elkarteen maleta didaktikoa:
DVDa, zikloetarako lan koadernoak, Iris eta Lila liburua, familientzat gida didaktikoa, karta-jokoa eta posterra biltzen ditu material honek. 2006ko Emakunde saria jaso du.

Pelikulak, bideoak, bideoklipak: ikus-entzunezkoak.
Ikus-entzunezkoak oso baliagarriak izan daitezke ikasgelan ikusteko, adinaren eta denboraren arabera egokituz. Ikus-entzunezkoen bitartez, barne emozioak landuta eztabaida eta hausnarketa dinamikoak egin daitezke.

Ipuin kontalaritza
Baliabide garrantzitsua da ipuina, eta are gehiago ondo kontatzen denean. Komunikatzeko tresna aparta, arreta gorputzean, ahotsean eta keinuetan bereganatzen delarik. Magiaz zipriztinduz eta bere funtzio ludikoaz baliatuz, ipuinaren bitartez eraldatzen den jendartea plazara daiteke. Belarriak goxatu bitartean, mezuak trasmititu daitezke eta aniztasuna lantzeko baliabide aberatsa da.
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario