Telebistarik gabe hazi zen belaunaldi bat existitzen da
oraindik gure artean,
eta horietako inork ez luke gaurko haurra izan nahi.
Gauza guztiak bene-benetakoak ziren:
hildakorik ez zenuen ikusten etxean norbait hil arte,
baina benetakoa zen hilkutxan zegoena.
Denbora pasatzea zure irudimenaren esku zegoen.
Jolasak antolatu behar ziren lagun artean.
Eta gaur hainbat zoritxarren albisterik
ez zen iristen etxeetara.
Horregatik diote haurtzaro zoriontsua izan zutela.
Belaunaldi horretako inork ez du gogoan
umetan aspertzen zenik.
Txandaka hitz egiten badakite,
jendea agurtzen lekuetan.
Gaur egun ikusten duzun adina idiota
ez zuten ikusiko bizitza osoan.
Zure orduak kanpotik
antolatuko zituen tresnarik gabe,
zeure baitatik mamitu behar zenuen denbora.
Gero telebista asmatu zuten aspermenaren kontra,
eta gaurko haurrak
telebista ikusten ere aspertu egiten dira.
Jostailuekin bi egunetan aspertzen dira.
Gurasoekin mahaian bazkaltzen aspertu egiten dira.
Gaitz larri bat eragin dugu haiengan:
irudimena lapurtu diegu, altxorrik ederrena.
Eta hori gabe bizitzen ikasi beharko dute.
Kondena horren sinboloa baino ez da telebista
gaur eguneko haurtzaroan.
- PAKO ARISTI-
No hay comentarios:
Publicar un comentario