jueves, 1 de marzo de 2012

Eskolek sormena akabatzen dute



Hogei minutuko tarte bat hartzeko aukerarik baduzue, ez galdu hitzaldi hau. Robinsonen tesia honakoa da gutxi gorabehera: irakaskuntza sisteman, alfabetatzeari ematen zaion garrantzi bera eman beharko litzaioke ikasleen sormena sustatzeari. Gaur egungo testuingurua ikusita, ze arrazoi dauka irakaskuntza ezagupenen transmisio hutsean oinarritzen jarraitzeak? Alde batetik, internet sareari esker ezagupenen iturri berri eta aberatsak azaldu dira, eta bestetik berriz, zer irakatsi behar dugu, ez dakigunean nolakoa izango den gure aurrean daukagun mundu hau hemendik 5 urtetara? Ze ezagupen transmititu behar zaizkio 2065 urtean lanean jardungo den ikasleari? Sormena izango litzateke ezezaguna zaigun horri aurre egiteko tresnarik baliotsuena. Bere ustez, sormena “irakatsi” beharrik ez legoke, haur guztiek barnean dakarten gaitasuna izanik: gutxienez, irakaskuntza sistemak gaitasun hori akabatuko ez balu… Miren eta biok buelta asko eman izan diogu gai honi, baina batez ere aurreko ikasturtean gure alaba Añes (3 urte orduan) eskolako marrazkiak erakustean “hau horrela egin behar da” errepikatzen zigunean…Interesgarria baita ere erroreari diogun beldurrarena: nola sustatu sormena, eskoletan (eta gizarte osoan) errorea hain gaitzetsia eta zigortua dagoenean? Ba hori, ea 20 minutuko tarte bat topatzen duzuen. Gainera parreren bat ere botako duzue, hori seguru…Eta ez izan beldur, komentatu zer iruditu zaizuen.


No hay comentarios:

Publicar un comentario